Bigarren Mundu Gerra 1939–1945 urteen artean mundu osoan hedatu zen gerra izan zen.[1] Munduko herrialde gehienek, tartean potentzia handi guztiek, elkarren aurkako bi aliantza militar osatu zituzten: Aliatuak eta Ardatza. Gerra egoera sortu zen, zuzenean 30 estatu burujabetako 100 milioi pertsonari eragin ziona. Parte-hartzaile handienek euren ekonomia, industria eta zientzia gaitasun osoa jarri zuten gerra irabazteko esfortzuaren alde, zibilen eta militarren baliabideen arteko muga lausotuta. Gizateriaren historian hildako gehien eragin duen gerra izan da,[2] munduko biztanleen % 2 hil baitzen (50 eta 85 milioi pertsona artean); horietako gehienak, Sobietar Batasuneko eta Txinako zibilak. Gerra honen barnean, sarraskiak, genozidioak —hala nola Holokaustoa—, bonbardaketa estrategikoak, planifikatutako gosete eta gaixotasunak izan ziren; historian bonba nuklearrak erabili diren gerra bakarra izan da.[3][4][5][6]
Japoniak Asia eta Ozeano Barea kontrolatu nahi zituen, eta gerran zebilen Txinarekin 1937tik,[7] nahiz eta ez zen egon gerra deklarazio formalik.[oh 1] Horregatik, Alemaniarekin batera borrokatu zen Japonia, bereziki Estatu Batuen aurka, baina baita Ekialde Urrunean agindupeko lurrak zituzten Europako inperio kolonialisten aurka ere (Erresuma Batua, Herbehereak eta Frantzia). Alemania naziak eta Italiak, berriz, beren industrietarako behar zituzten lehengaiak bereganatu nahi zituzten, Mendebaldeko garai hartako bi inperio handien (Erresuma Batua eta Frantzia) mende zeuden kolonietatik eta Sobiertar Batasunetik.
Bigarren Mundu Gerra ofizialki 1939ko irailaren 1ean hasi zela esan ohi da, Alemani naziak Polonia inbaditu zuenean, inbasio horrek Frantziaren eta Erresuma Batuaren gerra deklarazioa ekarri baitzuen. 1939aren amaieratik 1941eko hasierara, kanpaina militar batuzen eta Hiruko Itunaren bidez, Alemaniak Mendebaldeko Europaren zatirik handiena konkistatu zuen, eta Italiarekin eta Japoniarekin batera Ardatza eratu zuen. 1939ko Molotov-Ribbentrop Itunaren ondorioz, Alemaniak eta Sobietar Batasunak Polonia, Finlandia, Errumaniako zati bat eta Estatu baltikoak anexionatu eta banatu zituzten. Ipar Afrikako eta Ekialdeko Afrikako kanpainen ostean, eta 1940aren erdialdean Frantziaren erorketarekin, gerrak jarraitu zuen Europako Ardatzeko potentzien eta Britainiar Inperioaren artean. Balkanetako Kanpainak, airean gertatu zen Ingalaterrako Guduak, Blitzak eta Atlantikoko Guduak jarraipena eman zioten gerrari. 1941eko ekainaren 22an, Ardatzeko potentziek Bizargorri Operazioa abiatu zuten, Sobietar Batasuna inbadituz; historia osoan gerra batean izandako eremurik handiena ireki zen. Ekialdeko Fronteak Ardatza geldotu zuen, batez ere Alemaniako Wehrmacht armada, erresistentzia gerra batean sartuta. 1941eko abenduan, Japoniak Pearl Harborko erasoa egin zuen Ameriketako Estatu Batuen eta Europar kolonien aurka. Erasoaren ondorioz AEBk gerra deklaratu zion Japoniari, Erresuma Batuaren babesarekin; Europako Ardatzeko potentziek AEBren aurkako gerra abiatu zuten, Japoniar aliatua babesteko helburuarekin. Japoniak Ozeano Barean arrakasta azkarra izan zuen, kolonia askotatik Europa kanporatuta; tokiko armada askok Japonia babestu zuten, inperio kolonialekiko menpekotasun hartatik askatzeko.
Ardatzak aurrera egin zuen Ozeano Barean, harik eta 1942an Japoniak Midwayko gudua galdu zuen arte; gero, Alemaniak eta Italiak porrota izan zuten Ipar Afrikan, Erresuma Batuaren aurka; eta ondoren, Alemaniak porrota izan zuen Stalingradeko guduan, Sobietar Batasunean. 1943an, Alemaniak porrot gehiago izan zituen Ekialdeko Frontean, Sobietar Batasunaren aurka; Mendebaldeko Aliatuek Sizilia eta Italia inbaditu zituzten, eta Ozeano Barean hainbat garaipen izan zituzten, eta Ardatza erretiratze estrategikora bultzatu. 1944an, Mendebaldeko Aliatuek Alemaniak okupatutako Frantzia inbaditu zuten, eta Sobietar Batasunak bere lurralde osoa berreskuratu zuen. 1944 eta 1945 bitartean, Japoniak porrot garrantzitsuak izan zituen Asian, bereziki Txinako hegoaldean, Txinako erdialdean eta Birmanian; eta Aliatuek Pazifikoan Japoniaren Itsas Armada murriztu zuten.
Gerra Europan amaitu zen Sobietar Batasunak Berlingo guduan Alemania garaitu zuenean; sobietar tropek hartua zuten Alemaniako ekialdea, eta Mendebaldeko aliatuek inbaditua zuten Alemaniako mendebaldea. Adolf Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen, eta 1945eko maiatzaren 8an Alemaniaren errendizioa sinatu zuen. Aliatuek 1945eko uztailaren 26an Potsdameko Adierazpena sinatu zuten, baina Japoniak ez zituen errenditze-terminoak onartu; Ameriketako Estatu Batuek, orduan, Hiroshima eta Nagasakiren gainean bi bonba nuklear jaurti zituzten, abuztuaren 6an eta 9an. AEB Japonia inbaditzekotan zen, bonba atomiko gehiago jaurti zitzakeen, eta sobietarrak Japoniaren aurka gerran sartu ziren Mantxuriako Guduan. Horrek guztiak Japonia errenditzera behartu zuen, 1945eko abuztuaren 15ean. Gerra krimenak epaitzeko epaitegiak eratu zituzten Aliatuek, eta krimen horiez akusatutako alemaniarren eta japoniarren aurkako epaiketak egin ziren.
Bigarren Mundu Gerrak munduaren egitura politikoa eta soziala guztiz eraldatu zuen. Nazio Batuen Erakundea sortu zen, nazioarteko kooperazioa bultzatzeko eta etorkizunean beste gatazkarik izatea ekiditeko; Txinak, Frantziak, Sobietar Batasunak, Erresuma Batuak eta Ameriketako Estatu Batuek Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua osatu zuten, kide egonkortzat. SESB eta AEB bilakatu ziren superpotentzia etsai berriak, eta mende erdi iraun zuen Gerra Hotza piztu zen. Europaren suntsiketa erraldoiak Mendebaldeko Europako inperioen gainbehera etorri zen, eta Afrikaren eta Asiaren deskolonizazioa piztu. Gerran industria kaltetu zitzaien herrialde gehienek gerraondoan berreskurapen ekonomikoa izan zuten. Integrazio politikoa, bereziki Europan, errealitate berri bat izan zen, gerra aurreko etsaitasunetik identitate komun bat sortzeko ahaleginarekin.[8]
Aipuaren errorea: <ref>
tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/>
tag was found